Amets
Bart amets bat dut egin,
atsekabe ta atsegin,
ahaztu nahi ta ahaztu ezin.
* * *
Haritz bat ikusi nun,
bere enborra eder leun;
zazpi adar bazitun.
Adar mardulak hazten
zitun eta zabaltzen
zeru goia bilatzen.
Adarren apaingarri
bazeuzkan alehun orri,
ta han txoriak kantari
txiruli ta txiruli.
Hura zen soinu ezti!
Zeruan al nintzen ni?
* * *
Bat-batez, ortzia ilun,
ostotsa orroka edonun,
tximistak gogoz jo zun.
Zurbil ederra zarta,
lau adarrak batera,
beste hirurak bestera.
Txoriak doaz ihes,
xirta ta txirulik ez;
erbeste-hotsa haien ordez.
Dardaraz naiz atzarri
eta oinazetan jarri;
geroa nork igarri?
* * *
Geroa dugu goibel,
heldu, anai guztiek, hel
haritza ez dadin ustel.
Haritzaren sustraiak
geronek gara, anaiak,
gu lagun ala etsaiak?
Lurrean behar dugu
indar guztiz tinkatu,
bakoitzak bere leku.
Ta haritza biziko da
lehengo aldian bezala,
orritsu ta mardula.
Caracas, 1959